Zerbitzu honek OB kodeen bidez funtzionatzen du. Kode horiei esker, bidalketen hartzaileen helbideak dituen erregistro bakoitza identifikatzen da Correosen sistemetan.
Bidalketen kudeaketa integralerako sistemak (SGIE) datu-fitxategi bat sortzen du, itzulitako bidalketetan postariek eskuz sartzen duten informazio guztiarekin, eta posta elektronikoz, FTP bidez edo fitxategiak trukatzeko web baten bidez bidaliko dizugu, kontratatu duzun maiztasunaren arabera, eta itzulketaren arrazoia zehazturik, hala nahi baduzu.
Fitxategi hori sortu ahal izateko, zure bidalketek elementu hauek izan behar dituzte:
Itzultzeko arrazoiak biltzeko kutxatila: bidalketaren aurrealdean dago, eta bertan postariak itzulketaren arrazoia unean bertan adieraz dezake:
- Ezezaguna: postariak ez du bidalketaren hartzailea ezagutzen eta, gainera, ez da postontzietan agertzen. Hartzailearen eremua enpresa baten eta kontaktu baten izenaz osatuta dagoenean, ezezaguna izango da bietako bat ere ezagutzen ez bada.
- Alde egin du: hartzailea (enpresa edo partikularra) ez da helbide horretan bizi.
- Helbide eskasa: bidalketa ezin da entregatu, informazioa falta delako edo helbidean akatsen bat dagoelako.
- Helbide okerra: helbide osoa edo haren daturen bat zuzena ez denean eta bidalketaren entrega non egin behar den jakin ezin denean.
- Errefusatua: hartzaileak espresuki errefusatu du bidalketa.
- Hilda: hartzailea hil denean, informazio hori izanez gero.
- Jaso gabe: postariak postontzian iritsiera-abisua utzi zuen, jasotzaileak Correoseko bulegoan bidalketa jaso zezan, baina ez da jasotzera pasatu.
OB kodea: bidalketaren helbide-erregistroa identifikatzeko, datuak babesteko legeak ezarritako segurtasun-estandarrak betez. Kode horrek Code 128 formatua du eta 23 digitu ditu:
- Produktuaren kodea: OB da beti.
- Etiketatzailea: “bezero zehazgarria” da.
- Kanpaina: bi digitu edo letra dira, itzulketa zein kanpainari dagokion identifikatzeko. Digitu horiei esker, denbora-tarte txikian ateratako bi kanpaina bereiz daitezke.
- Bidalketa zenbakia: jatorrizko fitxategiko erregistro bakoitzaren identifikatzailea.
- Posta-kodea: erregistro bakoitzaren helmugakoa.
- Kontrol-digitua: kontrol-letra bat da, eta kode horren lehenengo 22 karaktereek osatzen duten formula baten bidez lortzen da.
Kanpainak kontrolatzeko kutxatila: izan daitezkeen itzulketak grabatu eta ezarritako prozesuaren arabera bezeroari bidali behar zaizkion kanpainak identifikatzeko.